Skip to main content


Irizar Busworlden


Berrikuntza eta garapen teknologikoko estrategiari jarraituz, Irizar Taldeak autobus eta autokarren gama multiteknologikoa aurkeztu du Nazioarteko Busworld azokan, hidrogenozko Irizar i6S berria eta etorkizuneko mugikortasun iraunkorraren aldeko apustu sendoa barne.

Irizar Taldeak berrikuntza eta teknologia gaitasun handia erakutsi du Busworlden. Ibilgailu jasangarrien Efficient gama berria aurkeztu du eta mugikortasunaren eta deskarbonizazioaren etorkizunerako funtsezkoak izango diren berrikuntza teknologiko ugari.

Hall 6ko 602 zenbakiko 1710 m2-ko standean  Irizarrek eta Irizar e-mobilityk azken belaunaldiko lau ibilgailu erakutsi dituzte: Irizar i8 unitate bat, Irizar i6S Efficient unitate bat, Irizar ie tram ibilgailu elektrikoaren unitate bat eta hidrogenozko Irizar i6S Efficient berria. Erakusgai dauden ibilgailu guztiek berrikuntza garrantzitsuak dituzte egungo modeloekiko, teknologiari, iraunkortasunari eta kontsumoen murrizketari dagokienez. Hidrogenoarekin propultsatutako ibilgailu berria aurkeztu dugu, baita Irizar txasis integralaren belaunaldi berria duten ibilgailu gama bat ere, arinagoa, erosoagoa eta kontsumoak % 5 arte murrizten dituena. Gainera, merkatuko segurtasun eta zibersegurtasun sistema zorrotzenak dituzte, gidari postu hobetua, erlojuen koadroa birdiseinatua, pisuen murrizketak, eta kontsumoak eta emisioak hobetuta.

Irizarren funtsezko aktore izan nahi dugu etorkizuneko mugikortasun iraunkorrean. Horretarako, deskarbonizaziora, hirien elektrifikaziora eta gure ibilgailuen kontsumo eta emisioak murriztera bideratzen ditugu gure ahalegin guztiak. Argi dugu etorkizuna multiteknologikoa izango dela, eta horretarako prest gaude.

Irizar i6S Efficient Hidrogenoa

Primizian aurkeztu dugu Irizar i6S Efficient Hidrogenozko sistemaren lehen prototipoa, Europako lehen H2 zero emisio autokarra. Proiektu aitzindaria da, eta Irizarren apustu sendoa zero emisioko ibilgailu gama oso bat eskaintzeko, bai ibilbide laburrean, bai luzean, eta mugarri bat ibilgailu gama osoa deskarbonizatzeko bidean.

Hidrogenozko lehen ibilgailu hori Irizarrek bakarrik garatu du, enpresa eta zentro teknologiko garrantzitsuekin batera. Gaur egun, tipologia desberdineko proba fasean dago. Teknologia horrekin esperientzia eta ezagutza metatzea funtsezkoa izango da etorkizuneko hidrogeno gama zehazteko.

Irizar i6S Efficient Hidrogenozkoak 1000 km arteko autonomia du eta karga denbora oso txikiak, 20 minutu ingurukoak. Horrela, gure bezeroen jarduteko modua ez da aldatuko eta ohiko ibilbideekin eta ordutegiekin jarraitu ahal izango dute. Gainera, % 100 elektriko moduan zirkulatzeko gaitasuna du une puntualetan, hala behar badute.

Etorkizuneko hidrogenozko ibilgailu gamak, gaur egun Irizar i6S Efficient eta Irizar i4 modeloak barne hartzen dituenak, funtsezko hobekuntzak izango ditu Busworlden aurkeztutako lehen bertsioarekin alderatuta; horien artean nabarmentzen dira maletentzat eta bidaiarientzat edukiera handiagoa, autonomia handiagoa eta pisu txikiagoa.

Gainera, ibilgailuaren osagai nagusien eraginkortasuna eta iraunkortasun handia nabarmentzen dira. Bateriek ibilgailuaren bizitza baliagarri osoan iraungo dute, eta erregai pilak mantentze lan bat beharko du, osagaia aldatu gabe, 30.000 ordu inguru operatu ondoren, ibilbideen eta erabileren tipologiaren arabera.

Merkaturatze berri horrekin, Irizar abangoardia teknologikoan posizionatzen da berriro, etorkizuneko mugikortasun iraunkorrerako bidean. Mugikortasun adimentsua, konektatua, zero emisiokoa eta multiteknologikoa.

Irizar i6S Efficient, Irizarren historiako autokar eraginkorrena

Iazko maiatzean merkaturatu zenean, Irizar i6S Efficient Irizarren historiako autokar eraginkorrena bihurtu zen, kontsumoak eta emisioak % 13 murriztuta, 950kg arteko pisua murriztuta eta koefiziente aerodinamikoa % 30 hobetuta.

Gaur, Efficient ibilgailu belaunaldi berri bat aurkeztu dugu, kontsumoak % 5 gehiago murriztuta, pisuen optimizazioa hobetuta eta, gainera, GSR eta zibersegurtasun araudi berri guztiak betetzen dituena. Gama hobetua, gidari postu berri bat duena, bolante berri bat, tekla eguneratuak eta erloju koadroaren bertsio berri bat, diseinu eguneratuarekin eta gidatzean gau modua hautatzeko aukerarekin. Gainera, gama honetarako eskuragarri dagoen kamera digitalen sistemak ikusgarritasun hobea eskaintzen du edozein ingurumen baldintzatan.

Hidrogeno bertsioaz gain, Irizar i6S Efficient teknologia diesel, biodiesel, gas natural eta biogasean dago eskuragarri gaur egun.

Ez dugu guk esaten, gure bezeroek esaten dute

Idiadan mundu mailako ikerketa aplikatuaren institutu entzutetsuenetako batek egindako neke saiakuntzek eta iraunkortasun probek bermatzen dituzte bere eraginkortasuna, fidagarritasuna eta kalitatea.

Gaur egun, Irizar i6S Efficient 700 unitate inguru zirkulatzen ari dira mundu osoko errepideetan, baldintza zorrotzenetan, eta emaitza nabarmenak dituzte fidagarritasunean eta kontsumoan.

Irizar i6S Efficientek presentzia bereziki garrantzitsua du Espainian, Frantzian, Italian... Kontsumoaren murrizketak eta Irizar i6s Efficient berriaren diseinu berritzaileak ematen duten balio garrantzitsua funtsezkoak izaten ari dira Irizar Eskandinavia, Alemania edo Baltikoko herrialdeak bezalako eskualdeetan geografikoki hedatzeko.

Irizar i8

Irizar i8ak, markaren intsignia ontzia, erreferente izaten jarraitzen du erosotasunean, diseinuan eta berrikuntzan. Modelo horren belaunaldi berriak Europan Efficient gamaren eguneratze batzuk barne hartzen ditu dagoeneko, hala nola kamera digitalen sistema.

Gaur egun, mundu osoko errepideetan zirkulatzen ari diren Irizar i8 ibilgailu guztiak aintzat hartuta,  presentzia nabarmena du Mexikon, Irizar i8 Vip zerbitzuetarako ibilbide luzeko erreferentziazko ibilgailua baita. Horregatik, Irizar i8 Efficient berria mundu mailan merkaturatuko da otsailaren amaieran Mexiko Hirian egingo den Expo Foro azokaren testuinguruan.

Bertsio berriak Efficient gamaren hobekuntza guztiak txertatuko ditu, kontsumoak eta emisioak nabarmen murriztea lortzeko eta Irizar i8 are iraunkorragoa izateko. Bertsio hobetu hori, ondoren, Europako merkatuetan merkaturatuko da.

Irizar ie tram % 100 elektrikoa eta zero emisio

Irizar e-mobilityn hamar urte baino gehiago daramatzagu hiriak elektrifikatzen, proiektu pertsonalizatu osoak inplementatzen. Espainiako merkatuan lider izaten jarraitzen dugu, eta kanpoan gure presentzia indartzen jarraitzeko apustu argiarekin. Lehen aldiz, aurten, Irizar ie tram elektrikoaren unitate bat aurkeztu da Mexikon. Europako 11 herrialdetan gaude, eta 2024aren hasieran 1.000 ibilgailu baino gehiago ibiliko dira Europan 2024. urterako eskaera zorroa ia beteta dugula eta 2025erako lehen eskariak gureganatuta, ibilgailu elektrikoen belaunaldi berria lantzen ari gara dagoeneko, eta datorren urtearen amaieran entregatzen hasiko gara.

Autobus belaunaldi berri horrek segurtasun hobekuntzak ditu, GSR2 ADAS araudi berria txertatuz, zeinak, era berean, ibilgailuaren zibersegurtasuna jasotzen duen. Gainera, kontsumo txikiagoak dituzten baterien belaunaldi berritua du, eta autonomia handiagoa, % 30 hobetzen dena

BOL eta EOLen eskuragarri dagoen energiari dagokionez. Apustu horrek aukera emango digu merkatuaren beharretara egokitzen jarraitzeko, baterien eskaintza zabalduz. Sistema traktore berriak, diseinu arinagoa eta trinkoagoa duenak, % 26ra arte murrizten du bere pisua, eta, gainera, HMI digital berri bat integratzen da, ahalik eta pertsonalizazio handiena ahalbidetzeko.

 Jasangarriak gara, zirkularrak gara

Iraunkortasunak, gure etorkizuneko estrategiaren funtsezko zutabe gisa, Talde osoa bultzatzen eta konprometitzen du mundu hobea eta iraunkorragoa eraikitzen laguntzeko. Baina Irizarrek iraunkortasunaren alde duen konpromisoa mugikortasunaren eremutik haratago doa.

Apustu irmo horren isla gisa, Busworlden standak iraunkortasunari soilik eskainitako espazio bat ere badu, deskarbonizazioarekin dugun konpromisoa erakusten duena, eta baita Izir produktuen gama osoa ere, gure ekonomia zirkularreko marka, gure ekoizpenaren soberakinetatik sortutako produktuez osatua.

Lehen aldiz, gure hondakin materialak birziklatuz bigarren bizitza bat izango duten produktuen gama bat aurkezten dugu. Hainbat elkarte eta markarekin elkarlanean eskuz fabrikatutako produktuak dira: motxilak, diru zorroak, eramangarrientzako zorroak eta askoz gehiago, arreta ekoizpen inklusibo eta arduratsua jartzen duen proiektu honen barruan.