Irizar i6S Efficient, Sustainable Bus Award-en irabazlea
Irizar i6S Efficient berriak Sustainable Bus Award saria jaso du, "Coach" kategorian, Milanen gaur egin den banaketa ekitaldian, NME-Next Mobility Exhibition azokan.
Europako prentsa espezializatuko hainbat kidek osatu dute epaimahaia, eta Irizarrek Irizar i6S modeloa birdiseinatzeko duen gaitasuna nabarmendu du, “efizientzia operatibo handiagoa lortzeko, hori funtsezkoa baita energiaren krisiak eragindako prezioen presioa nozitzen ari den sektore batentzat”. Kontsumoak %13 murriztuta, koefiziente aerodinamikoa %30 hobetuta eta pisua 950 kg-ra arte murriztuta, Irizar i6S Efficient belaunaldi berriko ibilgailu jasangarria da, efizientziarik handiena lortzeko diseinatua.
Irizar Taldeko zuzendari nagusi Imanol Regok sariaren garrantzia azpimarratu du, izan ere, “teknologiaren eta berrikuntzaren bidetik jarraitzera animatzen gaitu, egunez egun mundu hobea eraikitzen ahaleginduz”. Regok azpimarratu duenez, “Irizarrek jasangarritasunaren alde duen konpromisoa irmoa da eta, hala, gure markaren DNA definitzen du”.
Irizarreko pertsonek azken urteetan landu duten berrikuntza proiekturik handienetako batean egindako lanaren aitortza da saria. Egungo garaietako erronka berriei heltzeko helburu sendorako bultzada da, Irizar etorkizuneko mugikortasun jasangarriaren funtsezko eragile bihurtzeko.